ELIKADURA BURUJABETZAREN BIDEAN,

«LABORE BILBO» PROIEKTUAREN DEKALOGOA

Azken hilabete hauetan, Elikadura Burujabetzaz kezkaturik gauden Bilboko zenbait pertsona bildu egin gara hausnarketa-prozesu xume bat bideratzeko, eta gure hiriko auzoetan jadanik abiaturik dauden zenbait esperientzia aberasgarri kontuan izanik, ahal den neurrian sinergiak bultzatuz eta inor ordezkatu gabe, beste urrats batzuk eman ditzakeen proiektua abiarazteko determinazioa hartu dugu. Hain zuzen, martxan jarri nahi dugu mila bazkidek osaturiko ekimen berezi bat, elikaduraren funtsezko bi eragileak —nekazari/laborariak eta kontsumitzaileak— modu zuzenean lotuko lituzkeen zirkuitua bermatzeko. Proiektuaren funtsezko oinarriak eta ezaugarriak ondokoak dira:

1. BERTOKO PRODUKTUAK ESKAINTZEA.

Adituek diotenez, gaur egungo elikadura-sistema irrazionalak jakiak milaka kilometrotara sortzera garamatza. Horrela, adibidez, garraiolari berberak hainbat tona gari daramatza egunero Bilboko portutik Bartzelonakora, eta handik honako itzuleran, produktu bereko beste hainbeste tona dakartza, auskalo nondik datozen eta nora doazen. Eromen horrek natura hondamendira darama, eta suntsipen hori gelditu beharra dago. Bertoko produktuak bultzatzea da gure apostua. Eta hortik abiaturik, Euskal Herriko ekoizpenak du lehentasun osoa.

2. ELIKADURA NEGOZIOA IZATETIK ZERBITZUA IZATERA PASATZEA.

Elikadura, oinarrizko beharrizana izan arren edonorentzat, negozio izugarria bilakatu da kapitalismoarentzat; hain da handia negozioa, ezen, zenbait adituren iritziz, elikadurarena izan baitaiteke dirutza handiena mugitzen duen aktibitate ekonomikoa, hori bai, armagintzaren eta drogaren negozioen ondoren. Negozio horren adierazlea da, kasurako, Espainiako Estatuko elikadura-enpresa garrantzitsuenak banketxeen esku egotea. Guk prezio justuan eskaini nahi dugu elikadura Bilbon. Prezio justua nekazariarentzat, lan-baldintza duinak zerbitzua eskaintzeko lanetan ari direnentzat eta, aldi berean, ahalik eta merkeena kontsumitzaileentzat.

3. SALMENTA ZUZENA BIDERATZEA.

Bitartekaririk gabeko zerbitzua eskaini nahi dugu. Elkarte baten bidez, nekazari eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena eskaintzea da proiektuaren helburua. Ekoitzi eta erosteko baldintzak Monsanto edo Carrefour bezalako multinazionalek ezarri ordez baserritar, abeltzain, arrantzale eta kontsumitzaileei, geure ekimen honekin ekoizle eta kontsumitzaileen arteko ALIANTZA saretu nahi dugu, elkarrekin elkarte edo kooperatiba egokia antolatuz, baldintza horiek geure artean adostu eta erabakiz.

4. KALITATEZKO PRODUKTUAK ESKAINTZEA.

Elikadura negozioa bihurtu duten heinean, gure osasuna arriskuan dago, multinazionalek pestezidak erabiltzen dituztelako, baita abereak gizentzeko hormonak edo janaria mantentzeko elementu kimikoak, betiere negozioa lehenetsiz, lotsarik gabe. Horren lekukoak dira han-hemen agertu diren osasun-krisiak, hegazti-gripea edo behi zoroak izenekoak adibidez, edota 2016an urtearen hasieran Greenpeace mugimenduak eginiko azterketaren emaitzak, zeinen arabera, Euskal Herriko 20 sagar-mota aztertu ondoren, konbentzional gisa saldutako klase desberdinetako hamahiru sagar-motatan pesteziden aztarnak atzeman baitzituzten; ekologikoetan, aldiz, ez zuten horrelako ezer aurkitu. Arrazoi asko ditugu gaur egun saltzen diguten elikaduraren kalitateaz susmoak izateko. Beraz, kalitatezko elikaduraz ari garenean, produktu ekologikoez ari gara, edo bide horretan frogatutzat hartzen diren konfiantzazko produzioez. Zere esanik ez, kontsumitzen dugun elikaduraren sorrera eta produkzioa ezagutzeko aukera guztiak bermatuz eta partehartze-bermatzaileak ematen digun ziurtasunean oinarrituz.

5. ZERBITZU ERRAZA ETA ERAKARGARRIA EMATEA.

Presaka bizi garen jendarte honetan, zerbitzu erakargarria eskaintzea da gure asmoa. Beste denda eta saltoki arrunten ordutegi berdintsua eskainiz eta nahi ditugun produktu guztiak eskuragarri edukirik. Produktu freskoak hurbil-hurbilekoak lirateke, eta gainerakoak, ahalik eta bertokoenak. Azken hogeita bost urteotan jadanik Iruñean funtzionatzen duen LANDARE proiektua hartu dugu erreferentziatzat, hiru mila bazkide baititu eta aski egokiro funtzionatzen baitu. Bilbon hasteko, ahalik eta ondoen komunikaturik dagoen gune batean, denda bat zabalduko genuke, zerbitzu iraunkorra eskaini ahal izateko.

6. HERRITARROK PROIEKTUAREN LOKOMOTORRA BIHURTZEA.

Norbanakoen erosteko ohitura-aldaketak talde zabalean antolatuz, jarduera kolektiboak ematen duen indarrez, kontsumo-talde ahaltsua osatu nahiko genuke Bilbon. Egia bihurtu nahiko genuke Vanadan Shiva ekofemenistaren esaera hau: «Inork iraultza egin nahi badu, hiru aukera ditu egunero: gosaltzerakoan, bazkaltzerakoan eta afaltzerakoan». Geure kontsumo-ohiturak aldatu eta berriztuz gero, kontsumitzaileok izugarrizko ahalmena dugu elikadura-zirkuituak aldarazteko; baina, horretarako, elkartu beharrean gara. Elkartu, arrazoizko kontsumoa bultzatzeko, kontsumo osasungarria bermatzeko, bertoko produktuak erosteko. Auzolanean oinarrituriko proiektu profesionala da antolatu nahi duguna, herrigintzaren ahalmena biderkatzeko, herritarrekin elkarlanean eta herritarren zerbitzura arituko diren kudeatzaile prestatuek bideratuko duten proiektua.

7. ESPAZIO FISIKO BERRIA IREKITZERA GOAZ.

Bilbon beste elikadura-eredu bat bultzatzen dugunok, zerbitzu hurbila jasotzeaz gain, elkargune erakargarria eskainiko digun tokia eduki nahi dugu, bazkide diren guztientzat zabalik egongo dena, ordutegi eroso eta ahalik eta kokagunerik egokiena izango duen espazioa, alegia. Asmo horrekin bat dagoen edonor bazkide bihur daitekeen proiektu honetan herritar guztientzat erreferente izango den espazio fisiko erakargarria eraikitzeko asmoa dugu, proiektuko bazkideen komunitatearentzat bereziki.

8. ETORKIZUNA GURE ESKU EGONGO DELA BERMATZEA.

Azken hogeita hamar urteotan, Euskal Herriko nekazaritza batez beste % 70 gutxitu den bitartean, bazter guztietan hedadura handiko supermerkatuak zabaltzen ari dira, azkena ezarritako Merkadonaren zabalera harrigarria izanik. Horrela, elikadura-arloan ere gure herriaren dependentzia eta menpekotasuna egunetik egunero kezkagarriagoa bihurtzen zaigun une honetan, Elikadura Burujabetza burujabetza politikoaren oinarri eta zutabe bilakatzen ari zaigu. Ez da zutabe bakarra, noski, baina oinarri izugarri garrantzitsua da herri autoantolatuagoa egiteko, zeren, bertoko elikadura erosiz eta zerbitzu propioa antolatuz, herri autoeratua eraikitzen ari baikara.

10. BESTELAKO JENDARTEA ERAIKITZEKO EKIMEN KOLEKTIBOA.

Euskal Herri solidario eta aktiboaren oinarria norbanakoen jarrera-aldaketa da, baina, aldi berean, ekimena benetan eragingarria izan dadin, jarrera horrek dimentsio kolektiboa izan behar du. Ondorioz, eraiki nahi dugun proiektuaren bereizgarria hauxe da, alegia, norbanakoen ekarpen txiki eta pertsonalari hedadura soziala eta zabala ematea. Modu horretan, elikadura, bakar batzuen negozioa izan beharrean, kolektiboki antolatutako kontsumitzaile eta ekoizleen arteko zerbitzua bihurtuz, ekarpen baliotsua egingo genuke bestelako jendartea eraikitzeko bidean. Esan nahi baita, elikadura izan daiteke, besteak beste, gizartea eraldatzeko bide praktikoa eta eredu zehatza. Kapitalismoari, egunerokotasunean, bestelako joeraz “desobeditzen” dioten pertsonak dira, hain zuzen, etorkizuna eraikitzen ari direnak; eta, gainera, alternatibarik badagoela etengabe adierazten duten eredua bihurtzen dira. Gaur hazia erein, bihar uzta jasotzeko.

10. AMA LURRA IRMOKI DEFENDATZEA.

Errekurtsoak mugatuak dauzkan Ama Lurra defendatzea ez da kapritxoa edo apeta, ezinbesteko eginkizuna baizik. Izan ere, bertoko produktuen kontsumoa erraztea eta naturaren zikloak errespetatuz produzitzen den ekoizpena indartzea, biak ala biak, etorkizunaren aldeko apostu erabakigarriak dira; zeren, ekarpen baliotsuak dira nekazaritza industrial kutsatzailea iraultzen hasteko edo egunerokotasunean bestelako eredua eraiki daitekeela erakusteko. Labur esanda, naturarekin adiskidetzeko proposamen praktikoa eta egingarria garatu nahi dugu.

Bilbon, 2016ko maiatzaren 3an