Gu labore Bilbo gara, erdu!

Elikadura oinarrizko eskubide bat da. Norbanako guztiek bermatuta eduki beharko luketeena. Hala ere, gaur egun, eskubide hau urratua daukate hainbat eta hainbat pertsonek.

Herriek, eskubidea dute bere nekazaritza, artzaintza, arrantza eta lan arloko politikak zehazteko. Haienak ez beste inorenak diren kultura, ekonomia eta gizartera egokituko direlako. Honek benetako elikadura eta ekoizpen segurua suposatuko luke. Ondorioz, herri batek, gaitasuna edukiko luke bere herritarrak eta gizartea bera mantentzeko. Horretaz ari gara, elikadura burujabetzaz ari garenean.

Gaur egun daukagun arazoaz jakitun, Bilbo inguruko herritar talde bat batu zen orain dela urte eta erdi arazoari buruz eztabaidatu, hausnartu eta irtenbide bat bilatzeko asmoz. Urte bete eztabaidan egon ondoren, 2016ko udazkenean, jardunaldi batzuk egin genituen eta bertan, oinarrizkoak ziren eztabaidagaiak jarri genituen mahai gainean: “Elikadura, eskubidea ala negozioa?”, “Alternatibak eraikitzea posible al da?”, “Burujabetza ekonomikoa” eta “EH elikadura burujabetzaren bidean”.
Hurbildutakoen artean interes handia piztu zela ohartzean, gure proiektu berri hau posible zela sinestu genuen. Ordutik ona, hainbat izan dira gure proiektura hurbildu direnak eta modu batean edo bestean parte hartzen ari direnak.

Proiektuaren oinarrietako bat, nekazariak eta abeltzainak dira. Industrializazio basatiak eragin du kalitate gutxiko eta ingurumenarentzako arriskutsu diren elikagaien gehiegizko produkzioa. Horrela bada, ekoizpenak gora egin du baina produktuak merketu egin dira, multinazionalen mesedeetan, eta gure baserritarren kaltetan, lurrak uztera derrigortuz. Lehen sektorearen garapen agroekologikoa bermatzea ezinbestekoa da eta gure baserritarrak duintasunez bizitzea nahitaezkoa.

Gainera, bizimodu aldaketak elikadura aldaketa ekarri du: arinago bizi gara, denborarik ez… Kontsumitzaileok gero eta zailago dugu koherentziaz kontsumitu ahal izatea. Hori aitzakia bihurtu ez dadin eta irtenbide bat bilatzeari begira, LaboreBilbok 2017ko udazkenean denda bat zabaltzea du helburu. Alde batetik, bertoko produktuak eskainiz; bestetik, produktu ekologikoak bultzatuz; eta azkenik, sozialki jasangarriak izango diren harremanak bermatuz.

Horrela bada, nekazariak eta kontsumitzaileak batuko dituen aliantza bat sortzera goaz. Ahalik eta prezio justuenak adostuz, harremanak indartuz, elkarrengandik ikasiz. Horrek aberasten gaitu eta. Gainera, auzolanean arituko gara, elkarlanean, topagune ere bihurtu dadin.

Horren harira, Talde Fundatzailea dagoeneko martxan dagoelarik, bazkidetza kanpaina abiatu dugu martxotik ekainera. Kontzientziak astindu eta proiektu berri honi bultzada emateko zuen laguntza behar dugu eta. Eman izena, egin zaitez bazkide eta batu gaitezen! Gure etorkizunari begira berebiziko garrantzia duen proiektua ilusioz eraikitzera goaz…

Gure osasuna eta gure lurra zainduz, norberak du aldaketarako giltza, eta ez beste inork. Sinestu dugu beste kontsumo eredu bat posible dela, eta bidean gaude! Animatu eta parte hartu!

GU LABORE BILBO GARA, ERDU!

Labore

Haro plaza 3
48004, Santutxu
Bilbo

ORDUTEGIA

 

Astelehen - Ostiral:

10.00-13.30 | 17:00 - 20:30

Larunbatak:

10:00 - 14:00

TELEFONOA

 

KONTAKTUA

 

FOLLOW US